XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Allport, Maslow eta Ch. Buehlerek erakutsi dutenez ere, osasun oneko gizonaren ekintzak tentsioak azpiratzera baino gehiago, halakoak sortzera jotzen du.

Gizonak tentsioak behar ditu, eta tentsioak bilatzen ditu.

Beraz, ez da aski ekintzara premien atsedena eta asebetea bilatzeak daramala....

Sentidua bilatzea ere ekintzarako motibazio bat da, deritza Franklek.

Honek esan nahi du, gizona, berez, sentidu bila dabilen izakia dela.

Sentidua eskatzen duen barne egitura duela.

Edo, honela nahiago bada, sentiduaren premia ere baduela, sentiduaren grina.

Ikerketa psikologikoek uste hau nahikoa egiztatzen dutelakoan dago Frankl.

Egungo sentidu gabeziaren estudioek, batik-bat.

Lantokiko problemarik larriena, inkestek azaltzen dutenez, zereginari sentidurik ez aurkitzea da USAko langile artean.

USAko 50 unibertsidade diferentetan 8.000 estudianteri egindako inkesta batek hauxe agertu du: ehundik 16 estudiantek bakarrik du diru asko irabazteko, prestijioa, posizio ona lortzeko xedea lehen jomuga bezala; baina ehundik 78rentzat bizitzari sentidu bat ematea da estudioen lehen jomuga, etc.

Konzentrazio zelaietan, soldadu presondegietan eta abar, hau ikusten da, orobat: etorkizunean sentidu bat ikusten zutenek irten dutela bizirik eta bizkor; besteak errazago hil dira edo lur jota irten zuten (Frankl bera Ausschwitz-en eta Dachau-n preso egona da).

Franklentzat sentidu bilaketa fenomenu orokorrago baten agerpena da.

Fenomenu orokor hori norbera tranzenditzea da.

Gizonak mundua, lagunak partaide sexuala, esaterako ez ditu inola ere norbere satisfaziorako objetu bezala kontsideratzen: bere xedetarako helpide antzean.

Ez da egia, bere satisfaziorako balio diotena beste baliorik ez diela horiei sumatzen.

Inpotentzia eta frigideza maitasunik ez dagoenean ugaritzen dira: hain zuzen, partaidea geure satisfazio hutserako hartzen dugunean, satisfazioa ere zailago eta gutiago da.

Sexu harremana pertsona arteko harremanen zinezko espresio denean, aldiz, satisfazioa ere satisfazio gehiago eta errazagoa da.

Sexual harremanak sexual baino gehiago direla erakusten du honek.

Gizonaren ekintzak, ekintzaren beraren eremua gainditzen du.

Eta bere ekintzarako motibazioak premia / satisfazio modelu soilez baino gehiagoz esplikatu beharko zaizkion gizon bat azaltzen zaigu ihardunaldi orotan.

Premiak asetzea bilatzen duenak, asetasuna baino gehiago bilatzen du, eta gehiago hori ere aurkitzen duenean, asetzen ditu egiazki bere premiak ere.

Gizonaren azken helburua gizona bera dela, gizonak bere buruaz bakarrik aski duela, etc. esaldiek beste argi bat aurkitzen dute alde hontatik.

Gizonaren norbera tranzenditzea konpreni arazteko Franklek begiaren gonbarazioa dakar.

Begiak ikusi egiten du.

Baina begiak ez du begia ikusten.